2010/02/28

Esaidak zerbait, gezurra baduk ere

Ezer ez galtzea irabaztea duala diok sarritan; irabazi ez izana ere ez ei duk galera.


Jarraituko diagu xake tauletan kuadrotxo grisen bila, hik nahi duan bitartean.


Xake mate, aixkide.

2010/02/26

Etxeorratzak



Goizetik gauera ziharduen horretan, argi orduen pean, izerdia nork xuka zeukan bitartean aurrera. Eta gora.

Alboko hura zuen helmuga, ezinezkoegia agian, ezezagunegia zenbaitetan. Goragotik beigratzeak gizakiari ematen dion betetasun bila, adreiluak bata-bestearen atzetik pilatzen zituen. Zenbaitetan zerumuga ikustea zail zitzaion eguzkia noiz sartzen zen ere jakiteko. Bere buruaren aurkako lehia bestearen lehia bihurtu zuen. Errazagoa zen etsaia aurrez aurre ikustea.
Bestea ez zegoen geldirik bitartean. Bertikaltasuna maite zuen.

Eta izan zitezken trenbideen diktadurapean munduaren beste muturrean inoiz elkartuko ote diren jakin gabe aurkako norabidean abaitutako bi tren. Edo sabelarekin sekula hitzegin ez duen bizkarra, tarteko horretaz guztiaz, lotzen eta banatzen dituen mugez eta hariez. Haragiaz. Izan zitezeken Babeleko bi torre.

Izerdia nork xuka zeukan bitartean aurrera zerraien. Gora. Eta goregi heldu zen egun batean, bertigoa sentitzeraino. Gailurretik istripuz eror zitekeen izerdi tantatxo horien lurreratze arriskutsuegia neurtzeraino. Behera begiratzea otu zitzaionean ohartu zen guztiaz. Eta ohartu zen jaisteko eskailerarik ez zuen arratoi zulo hartan ez zela deus.

Etxeorratzak lorontzi berean sartutako loreak dira. Izan ditzakete sustraiak elkarrekin nahastuak, eta borrokatuko dute ur tanta potoloena nork hartuko. Eta kanpotik begiratuta egongelako bazter kuttunenean jartzeko modukaok dirudite. Gorantz hazten dira, bakoitza bere erritmora. Ezer gertatuko ez balitz bezala lurrez estalitako toki heze hartan.
Etxeorratzek ez dute elkar ukitzen sekula, perspektiba aldaketa bat emateko nagiegi. Instintu begetalegia dutelako edo.

Bata besteari musu ematen saiatzean utzi zioten adreiluak jartzeari, eta alferrik izerditzeari.
Uztez, torre izateari ere utzi zioten. Aurrera egingo zuten aurrerantzean, erortzeko beldurrik gabe.