2010/04/30

Irrist

Arratsalde euritsuak aukeratzen zituen kalean negar egiteko, begiradek malkoak bereiz ez zitzaten.

Udako egun sargorietan belarra hazten zitzaion etxeko alfonbretan.

2010/04/17

Etzak zoriona zuritu


-Zer diok baina?

Koska bat goragotik nahi duana egin ezak, baina hire hobebeharrez ari nauk, eta hik badakik hori esanez bezala begiratu zion barraren bestaldekoari.

-Zoriona ilusio huts bat besterik ez dela sinisten duena baino ez duk izango zoriontsu.

Bigarren aldian entzuteak bigarren trago bat eskatu zion. Kopa hustua zuen, eta pentsakor paratu zen barman filosofoak botilatik inspirazio tantak enegarrez erreskatatu bitartean.

-Zein duk orduan, bien arteko aldea, e?

-Aizak, nik ez ditiat galdera guztien erantzunak mangapean! Kontatu egin zidatek! Baina esan, ez al duk esaldi biribila?

-Hara, gauza bat esango diat nik...

Isilik itaundu zuen botazak behingoz, txo!

-Eskimalak hamaika zuri mota bereizteko gai dituk. Hori ziotek poloan izotz gainean ibilitakoek.
Ni enauk sekula bertan izan.

2010/04/16

"Three, two one: Action!"


Ez mozorrorik erantzi. Ez urduritu begiratzen ez zaituen publikoagatik, izerdiak makilajea hondatuki dik eta. Ez egin zalantzarik. Anotadoreak mugituko dizkik ezpainak hitzak begietara hel dakizkian. Utikan inora eramango ez hauten inprobisazioak! Gidoiak esango dik esan beharrekoa, lasai. Pertsonaia? Tokatu zaian papera jokatu beharko duk, sentitzen diat.

Baina garbi izan ezak: ez hadi agertokitik jaitsi zoriontsu izan nahi baduk.

Kamerinoak hutsik daude dagoeneko eta guztiak dabiltza taula gainean. Ahaztu zara bestaldekoaz. Zain dauzkazu.

Izerdi tantak disimulatu nahi izan dituzu, ezpainak estutu zaizkizu larrituta, baina idatzita topatu dituzu esan beharrekoak, bai. Eta bai, uste baino errazagoa izan da.

Obraren parte zara.

Errealitatearena.

2010/04/14

Dimentsioak II: Mapak


Eta batzuetan zalantza egiten dut bide zuzena zein ote den, bide zuzenena hartu behar nukeen. Bi puntu lotzeko modurik sinpleena da diotenez, distantzia laburrenek horrelakorik esan nahi badute bederen.

Baina koordenadak ere lauso ageri zaizkit lantzean. Definizioek galduarazten naute.

* * *

Merdianoak eta paraleloak asmakizun hutsa dira. Eta mundu esferiko honetan lerro zuzenak marrazten dituela harro dioena edo da ameslaria, edo da eroa.

Edo gezurra dio bestela.

2010/04/09

Dimentsioak


Iraganaren eta etorkizunaren artekoa
puntu hutsa
dela ohartzen naizen
aldiro
egiten dut saiakera bera.

Puntu
izateari ere uzten dio,
alabaina, dimentsio horietan kabitzen
ahalegintzen naizen bakoitzean.

* * *

Eskerrak behinola ameslariren batek denboraren erlatibotasuna iradoki zuen.

2010/04/08

Azken hatsa


Txisteratik ateratako untxiak txundidura eztanda eragin zuen publikoarengan. Laudorioak bai, sosik ez. Ahora eramateko deus gabe bizi izandako egunak besteak baino gehiagotan errepikatu ziren aspalditxo.

Magiak ez zuen salbatuko.

Eta ile zuriz estalitako etorkizuna erreta irentsi zuen gau hartan, betirako belztuz. Garai bateko sorginez akordatu zen. Sekula jan zuen jakirik goxoena iruditu zitzaion azti etsiari. Hatzak maiazkatu zituen.

Urkatokia ei duk, proportzioan behintzat, zoriona gainontzeko sentimenduei gailentzen zaien toki bakarretakoa. Azken hatsaren fereka norbere larruan eta halako etilismo lasaigarri bat azkenean.

Hutsarekin aski. Ase.

2010/04/07

Baserria


Isilik sartzen ziren haurrak txokolate usaina zerion sukaldean. Amonaren eskuak lasaigarri ziren lokian aitonaren begi petralek ate atzetik aztertu bitartean. Bihotz onekoa zela zioen amak. Zalaparta zela asaldatzen zuena, ez besterik.

Txokolatearen azukreak ez zuen, ordea, zimurren karga gozatzen. Atseginagoa zen ganbarako lasto artean ezkutatzea eta txorimalo izatera jolastuz beldurrak uxatzea. Zoruko oholetan argi lerroak marraztuak zituen aspaldian denborak eta, nola semea gerran daukan amak herriko plaza, huraxe zen aitonaren albisteak jasotzeko sistema bakarra. Arrakalak. Garaierak bost; goragotik entzutea zen gakoa.

Osabaren hitz keztatuak eta aitonaren marmarrak kedar zaporetan diluituta iristen ziren goraino. Haurretan ausartenak hitzen bat bidaliko zien bueltan. Eta aitona zalapartak baino asaldatzen ez zuela ohartuko ziren azkenean honen irribarrea puruaren behelainoan irudikatzean.

Baserriko zuloak estali eta garai batean zuzen-zuzenean azalaratzen zena herdoilak jango dituen hodi bihurgunetsuetan galtzera lotu zuten egun batean. Jada ez dago aitonaren hitzak ganbaratik entzuterik, txokolate usaina sumatzerik.

Eta ukuiluan ez da zimaurrik pilatzen geroztik.

2010/04/04

Balantza


Atzeranzko pausoetan aurrera begira ibiltzea atsegin duzu, eotrkizunari bizkarra eman gabe oroitzapenei eustea edo.

Errazagoa da, horrelakoetan, estropozu egitea.