2009/12/09

2009/12/07

Dependentziak ignoratzearen arriskuez

Dependentzien kateei lotuta bizitzea ez zela ederra zioen zure ahotsak, hobe zela beste edozer. Afalosteko zigarrotxoaren kearen arintasunaz irentsi nuen guztia; behar nuena. Ezereza bera zerbait ote zen nire buruari galdezka hasi ere egin gabe. Gozoa baituk oasietako ura urrunetik begiratuta.





Aukeratuak edo ez, ez daukagu zapal dezakegun beste zorurik. Alferrik baita itsasoan bizi nahi izatea arnas gehien behar dugunean.


Eztarriko minez jaiki naiz gaur goizean. Eta egarrituta jarraitzen dut oraindik.

Eskerrak.

2009/11/11

Beste ni baizik


Neure buruari galdetu nioan ez ote nekien nire baitan gehiegi bidaiatzeak zeuzkan arriskuez batere. Ez ote den aiztoaren bi aurpegiak batera besarkatu nahi izatea bezain dramatikoa gordetzen dian patua.

Postal bat jaso nian behin, horietako bidaia batekoa. Tokia ez zuan arrotza; bai, ordea, bidaltzailea.

Izutu egiten naitek gutun anonimoek geroztik.

2009/10/22

Underground I

Lasterka joan zinen, aukerak hiru minuturo heltzen diren lurraldera. Bertan geratu zinen preso, koloretako armiarma sarean, katigatuta. Eta salbu.

Denborak erakutsi zizun, ordea, hiru minuturo aukerak joan egiten zirela.

Itxaropenaren tunelak ez direla koloretakoak ...

...lur azpian
ezkutatzean.

2009/10/16

Geure buruaren aurkako partida

l

Labirintoak eraikitzen ditugu aldiro geure buruarentzat. Inkontzienteki.
Diana bat behar dugu guztirako, helmuga definitu bat. Baina dardo jokoa ez da beti erraza izaten. Zirkulu zuri beltzak espiral batean disolbatzen dira batzuetan. Labirintoko hormek birikak zapaltzen dizkigute, eta geure baitan galtzen gara. Eta dardoak edonora jaurtitzen ditugu orduan. Zortearen esku uzten dugu guztia, inprobisazioaren agindupean.

Zortedunenak ez dira ohartu ere egingo; larriki zaurituko dira zorigaiztokoenak. Baina ez zaigu gehiegi inportako.

Bueltan datozkigun arantzek baino ez baitigute min ematen.

Orduan bakarrik ohartzen gara okerrekoa zela hartutako bidea.

2009/10/03

Gehiegi eskatzea...

Bidean utzitako ogi apurrak jan ez zitzaten erregutu genien txoriei...


...zomorroak baino nahiago izan zuten lotzen gintuzten zubiak irentsi.

2009/09/29

Margolarien buruan

Berezia da oso margolariaren eta margotuaren artekoa. Hotza da elkartzen dituen lerroa, hari diktatoriala lotuta mantentzen dituena. Distantzia luzeegia eraikitzen da biltzen dituen espazio artifizialegi horretan.

Eta solasa:

-Ezpain zailak dauzkak.

Isipua aginte ikur. Geldirik egoteko esana zion. Isiltasun antinaturala, astuna, dentsoa…

-Are zailagoak biluzten naizenetan.

Irudimena gorriaren muga umelegia gainditu nahian. Oleo zuri zipriztinak, purutasun tantez kamuflatzera.

-Aizak, ez haiz ba hemen larru gorritan jarriko?

Gorria berriz ere, obsesiboki… Eta izerdi usaineko lerroak mihise gainean, zapore mikatzeko pintzelkadak, sakonerago iristeko desioa, zurrunbiloa burmuinetik eskura, pinturara. Autozentsura:

-Pornografiaz hitz egingo diagu beste batean, adiskide.

-Hik ez al hekien biluzteko era bat baina gehiago zeudekeela?

Eta adiskidearen gorputza inplizituki imajinatu bitartean ezpainak zimurtuta margotzen jarraitu zuen.

Berezia da oso margolariaren eta margotuaren artekoa.

Biak biluzik daudenean, batez ere.

2009/09/21

Nowhere: along with the current...


Eta ibaiak goranzko bideari ekin zion, etorkizunaren beldur... iraganeko korronteetan korapilatzera.




...logika bihurria...koldarra.

2009/09/20

Esan gabekoek gehiago kontatu izan didatelako oraino




"¿No los odias?, ¿esos silencios incómodos? ¿Por qué necesitamos decir algo para rellenarlos? Es por eso que sabes que has encontrado a alguien especial. Puedes estar callado durante un puto minuto y disfrutar del silencio."


Pulp Fiction

2009/09/18

Zertara zetorren hori?



Ohitura dugu
batzuetan
hau eta bestea zertara datozen galdetzekoa,
habitat berriaren
esplikazio bila.

Ez gara ohartzen
ulerkaitz zaiguna
geure burua dela.

Gehienetan.

2009/09/17

Bidaiatzea



"Los viajes son los viajeros. Lo que vemos no es lo que vemos, sino lo que somos."


Fernando Pessoa

2009/09/16

Digeritu ezinik



Tintaz elikatzen dira lumak
eta hitzez orriak
eta ideiez.

Eta gu gaude
kate trofikoaren
amaieran
eta hasieran.

Motore
eta
suntsitzaile.

Eta izutu egiten nau horrek.

Elkar jateko
elkar jaten
bizirauten dugu.

2009/09/15

Banator


Bizitza etengabeko joanetorria da. Gaur kaixo esaten diogun hori bihar agurtu eta ezer gertatu ez balitz bezala gera gaitezke, edo oroitzapenean tokitxo bat atondu berarentzat, berezi.

Baina zer gertatzen da norbere burua denean atzo agurtutakoa? Zer egiten da ispilu aurrekoa arrotz egiten zaizunean? Non topa kaixo esateko ausardiarik? Eta gogoa?

Joanetorria da bizitza, etengabekoa.

Zerbaiten bila nabil, eta ez daukat inora joateko asmorik.

Etortzea dagokit, nire burua ezagutzera.