2009/09/29

Margolarien buruan

Berezia da oso margolariaren eta margotuaren artekoa. Hotza da elkartzen dituen lerroa, hari diktatoriala lotuta mantentzen dituena. Distantzia luzeegia eraikitzen da biltzen dituen espazio artifizialegi horretan.

Eta solasa:

-Ezpain zailak dauzkak.

Isipua aginte ikur. Geldirik egoteko esana zion. Isiltasun antinaturala, astuna, dentsoa…

-Are zailagoak biluzten naizenetan.

Irudimena gorriaren muga umelegia gainditu nahian. Oleo zuri zipriztinak, purutasun tantez kamuflatzera.

-Aizak, ez haiz ba hemen larru gorritan jarriko?

Gorria berriz ere, obsesiboki… Eta izerdi usaineko lerroak mihise gainean, zapore mikatzeko pintzelkadak, sakonerago iristeko desioa, zurrunbiloa burmuinetik eskura, pinturara. Autozentsura:

-Pornografiaz hitz egingo diagu beste batean, adiskide.

-Hik ez al hekien biluzteko era bat baina gehiago zeudekeela?

Eta adiskidearen gorputza inplizituki imajinatu bitartean ezpainak zimurtuta margotzen jarraitu zuen.

Berezia da oso margolariaren eta margotuaren artekoa.

Biak biluzik daudenean, batez ere.

3 comentarios:

  1. Baina margotuak badaki ederra dela, limurtzailea delako margotzen dutela...eta abantaila du. Egoera beti dominatuko du berak, ziur baitago margolariak ezpainak zimurtuko ez balitu lerdeak ihes egingo liokela.

    ResponderEliminar
  2. agian lana muxutruk egin eta zerbait galtzearen beldur da;)

    ResponderEliminar
  3. Dominatua eta dominatzailea. Segurtasuna emango diote margolariaren ezpain zimurtuek, bai, baina biak erabat biluztean muga horiek apurtuko dira eta bial ala biak izango dira elkarrekiko inoiz baino sentikorrago. Erasoerrazak. Kanibalak.

    Errukiak zipriztinduko ditu azkenean.


    Isilik geratzen direnek eta limurtzaileek abantaila omen dute... Pistola hotsaren aurretik irteten dira lasterkari batzuk beti. Eta gainontzekook lerdea isuriz hor abiatzen gara euren atzetik.

    ResponderEliminar