2010/08/18

Kanibalismoa

Lotzen zituzten hariak eten eta elkarren segidan erortzen diren
domino fitxa bihurtu dira
agertokiko txotxongiloak. Jasangaitz
zaienek euren burua urkatu dute,
zintzilik, reenkarnazioan
sinetsita edo, hilda ere bizirik.

Erdiguneko tabernetan komuna
"al fondo a la derecha" omen dago
mendebaldean pixa paretetan
egiten da negutegi efektuaren aurka
goroldioa haz dadin.

Mozkorrek antroetako kristalak apurtu dituzte
lotsa zakukadak
osteko, lapurrek whiski merkea
ihesbide azkarren eta lokatza pilatu da
goizaldeko autobusetan,
baina oinatzak ezabatu dituzte arrastaka
atso gizenen zapatek eta
Maryk bi zentimetro
gorago
darama gona giltzurrunak ez hozteko.

Egunargiak irribarre egin dit zure
ahotik baina planifikatua
zeneuka guztia
izarrek, Ying Yangak eta kantoiko igarleak
oihukatu zidaten belarrira
zuk entzuteko moduan.

Zutik geratzea baina makurragorik...

Eta nik azkazalak jaten darrait.
Baina ez da
urduritasuna.

2010/08/13

...or not to

...

-Eta hegaztiak badira, zergatik ez dute hegan egiten ostrukek?

-Burua lurpean sartuta bizi direlako ziurrenik.

2010/08/12

Underground II: to be


Aitonaren zimurrei desafio eginez hurbildu zitzaion Mattin sutondora:

-Aitite Manu, zergatik uste duzu ezkutatzen dutela ostrukek euren burua lurpean?
-Zer, lepo tenteko oilo hankaluze horiengatik ari al haiz?
-Ostrukak aitite, ostrukak.
-Lehoien beldur ditualako edo.
-Beste aukera bat emango dizut!
-Ba... lepoa nola mozten dieten ikusi ezean gutxiago sufrituko dutelakoan orduan. Badakik zer gertatzen duan urrutiko minekin, kilometroek leuntzen ditiztek. Behatu gabekoak ere arinagoak dituk.
-Zuk amona kanpoan zela galdu zenuen. Ez zenuen minik izan?
-Distantzia ez duk kilometroak bakarrik, amona hemen huan, gurekin, orain ere beste era batera hemen dagoen bezalaxe. Baina, aizak, ostrukak zergatik lurperatzen dituk bizi artean? Ostrukak hituan ala?
-Galdetzea ere!! Ostrukak direlako aitona!!!

2010/08/10

Autosuntsipena



Piano barneko armiarmak ezagunak ditu eroraraziko ez dituen soinuak.
Sokaz soka, orekaren melodian mugitzen da izukaitz.
Uhin erara itzulitako oihartzun ebakiak dardara iragankor baino ez zaizko eta gorrotatzen hasi da.

Eta amaraunak eraiki beharrean korda berri bat ehuten hastea besterik ez zaio otu, inork kolpatzean entzun ez dezan irristaraziko duen nota, ez heriotza kondenak ahots urratuz egiten ote duen hitza.

2010/08/02

SOS


Bere eskuez landutako boomeranga aireratu zuen beso kolpe azkarrez, paradisu hartatik aska zezaten erregutzen zuen SOSa. Beldur baitzen naufragoen legedia ez betetzeak ekar zitzakeen ondorioez.

Enegarren aldiz kaioek izutu plantak egin zituzten aztoratuta hegaldatuz, objetu jada ezagun haren presentzian. Joatekeran zein etortzekeran. Protokolo hutsagatik.