2010/04/07

Baserria


Isilik sartzen ziren haurrak txokolate usaina zerion sukaldean. Amonaren eskuak lasaigarri ziren lokian aitonaren begi petralek ate atzetik aztertu bitartean. Bihotz onekoa zela zioen amak. Zalaparta zela asaldatzen zuena, ez besterik.

Txokolatearen azukreak ez zuen, ordea, zimurren karga gozatzen. Atseginagoa zen ganbarako lasto artean ezkutatzea eta txorimalo izatera jolastuz beldurrak uxatzea. Zoruko oholetan argi lerroak marraztuak zituen aspaldian denborak eta, nola semea gerran daukan amak herriko plaza, huraxe zen aitonaren albisteak jasotzeko sistema bakarra. Arrakalak. Garaierak bost; goragotik entzutea zen gakoa.

Osabaren hitz keztatuak eta aitonaren marmarrak kedar zaporetan diluituta iristen ziren goraino. Haurretan ausartenak hitzen bat bidaliko zien bueltan. Eta aitona zalapartak baino asaldatzen ez zuela ohartuko ziren azkenean honen irribarrea puruaren behelainoan irudikatzean.

Baserriko zuloak estali eta garai batean zuzen-zuzenean azalaratzen zena herdoilak jango dituen hodi bihurgunetsuetan galtzera lotu zuten egun batean. Jada ez dago aitonaren hitzak ganbaratik entzuterik, txokolate usaina sumatzerik.

Eta ukuiluan ez da zimaurrik pilatzen geroztik.

1 comentario:

  1. Zetorrenak ustekabean ez harrapatzeko eseriko zen agian aitona ate atzean, ezezagunari aurpegia ikusi aurretik erantzun egoki bat pentsatzeko denbora izateko. Ate soinua eta zalaparta nahastean, ordea, ezin laguna eta etsaia bereizi. Bekoki beltzaren zimurrak azken batean azaleko zimur besterik ez direla ohartzerako berandu izaten da sarritan. Zein zaila den filtrorik gabeko hartu-emana…

    ResponderEliminar