2010/05/04

Desoreka


Tartekako telebista saioa errezelez bestalde. Leihoko markoaren mugak jakinminaren lerro difuminatuak mugatzen eta zure silueta dutxako tantek bustiko zain, erretzen ari bazina lez.

Silueta bat, leihoa, zure kuleroak nire galtzerdiei jaramonik egin gabe esekitokian, leihoa eta ni. Hiru solairu behera eta bertigoa.

Eta nire begiak erdi ezkutuan lotsaturik, zure lotsagabekeriagatik begiratzeari uko egin ezinik. Ez nuen zure aurpegiko lerroen berri buruan ez bazen. Orduan ere lausoegi.

Goiz normala zirudien hartan haizea aurrekoetan baina pare bat kilometro orduko bizkorrago harrotu zen nonbait. Kuleroek galtzerdiek musu txiki bat ostu ziezaioten utzi zien, beste aldera begira betiere. Zuk ere bira egin zenuen. Aurpegia ikusi nizun lehen aldiz eta jada ez zinen nire filmeko protagonsita. Orban izateari utzi zenion marra definitu bihurtzeko. Geometriaren legeei men.

* * *

Nahiago nuen dosi txikietan eta iragazitako hitzen bidez ezagutzen ginenean, mahai gainean araurik ez egote hutsa arau egiten genuenean. Ez zinen konformatzen geroztik, ordea. Ni biluztea eskatzen zenuen.

Ezer ez da lehengoa dagoeneko.

Irribarreak bidaltzen dizkit zure maskarak esekitokiko soketan. Haizerik ez dabilenetan baino ez dira iristen trapezistak nire lorontzietara.

1 comentario:

  1. Gezurra esan nizun

    oihartzunak egia

    itzuliko zizulakoan

    Katamalo. Gotzon Barandiaran

    ResponderEliminar