2010/04/08

Azken hatsa


Txisteratik ateratako untxiak txundidura eztanda eragin zuen publikoarengan. Laudorioak bai, sosik ez. Ahora eramateko deus gabe bizi izandako egunak besteak baino gehiagotan errepikatu ziren aspalditxo.

Magiak ez zuen salbatuko.

Eta ile zuriz estalitako etorkizuna erreta irentsi zuen gau hartan, betirako belztuz. Garai bateko sorginez akordatu zen. Sekula jan zuen jakirik goxoena iruditu zitzaion azti etsiari. Hatzak maiazkatu zituen.

Urkatokia ei duk, proportzioan behintzat, zoriona gainontzeko sentimenduei gailentzen zaien toki bakarretakoa. Azken hatsaren fereka norbere larruan eta halako etilismo lasaigarri bat azkenean.

Hutsarekin aski. Ase.

2010/04/07

Baserria


Isilik sartzen ziren haurrak txokolate usaina zerion sukaldean. Amonaren eskuak lasaigarri ziren lokian aitonaren begi petralek ate atzetik aztertu bitartean. Bihotz onekoa zela zioen amak. Zalaparta zela asaldatzen zuena, ez besterik.

Txokolatearen azukreak ez zuen, ordea, zimurren karga gozatzen. Atseginagoa zen ganbarako lasto artean ezkutatzea eta txorimalo izatera jolastuz beldurrak uxatzea. Zoruko oholetan argi lerroak marraztuak zituen aspaldian denborak eta, nola semea gerran daukan amak herriko plaza, huraxe zen aitonaren albisteak jasotzeko sistema bakarra. Arrakalak. Garaierak bost; goragotik entzutea zen gakoa.

Osabaren hitz keztatuak eta aitonaren marmarrak kedar zaporetan diluituta iristen ziren goraino. Haurretan ausartenak hitzen bat bidaliko zien bueltan. Eta aitona zalapartak baino asaldatzen ez zuela ohartuko ziren azkenean honen irribarrea puruaren behelainoan irudikatzean.

Baserriko zuloak estali eta garai batean zuzen-zuzenean azalaratzen zena herdoilak jango dituen hodi bihurgunetsuetan galtzera lotu zuten egun batean. Jada ez dago aitonaren hitzak ganbaratik entzuterik, txokolate usaina sumatzerik.

Eta ukuiluan ez da zimaurrik pilatzen geroztik.

2010/04/04

Balantza


Atzeranzko pausoetan aurrera begira ibiltzea atsegin duzu, eotrkizunari bizkarra eman gabe oroitzapenei eustea edo.

Errazagoa da, horrelakoetan, estropozu egitea.

2010/03/27

Post scrpitum

Gutun anonimo bat bidali nahi nizuke...


...inoiz nirea dela jakingo bazenu.

2010/02/28

Esaidak zerbait, gezurra baduk ere

Ezer ez galtzea irabaztea duala diok sarritan; irabazi ez izana ere ez ei duk galera.


Jarraituko diagu xake tauletan kuadrotxo grisen bila, hik nahi duan bitartean.


Xake mate, aixkide.

2010/02/26

Etxeorratzak



Goizetik gauera ziharduen horretan, argi orduen pean, izerdia nork xuka zeukan bitartean aurrera. Eta gora.

Alboko hura zuen helmuga, ezinezkoegia agian, ezezagunegia zenbaitetan. Goragotik beigratzeak gizakiari ematen dion betetasun bila, adreiluak bata-bestearen atzetik pilatzen zituen. Zenbaitetan zerumuga ikustea zail zitzaion eguzkia noiz sartzen zen ere jakiteko. Bere buruaren aurkako lehia bestearen lehia bihurtu zuen. Errazagoa zen etsaia aurrez aurre ikustea.
Bestea ez zegoen geldirik bitartean. Bertikaltasuna maite zuen.

Eta izan zitezken trenbideen diktadurapean munduaren beste muturrean inoiz elkartuko ote diren jakin gabe aurkako norabidean abaitutako bi tren. Edo sabelarekin sekula hitzegin ez duen bizkarra, tarteko horretaz guztiaz, lotzen eta banatzen dituen mugez eta hariez. Haragiaz. Izan zitezeken Babeleko bi torre.

Izerdia nork xuka zeukan bitartean aurrera zerraien. Gora. Eta goregi heldu zen egun batean, bertigoa sentitzeraino. Gailurretik istripuz eror zitekeen izerdi tantatxo horien lurreratze arriskutsuegia neurtzeraino. Behera begiratzea otu zitzaionean ohartu zen guztiaz. Eta ohartu zen jaisteko eskailerarik ez zuen arratoi zulo hartan ez zela deus.

Etxeorratzak lorontzi berean sartutako loreak dira. Izan ditzakete sustraiak elkarrekin nahastuak, eta borrokatuko dute ur tanta potoloena nork hartuko. Eta kanpotik begiratuta egongelako bazter kuttunenean jartzeko modukaok dirudite. Gorantz hazten dira, bakoitza bere erritmora. Ezer gertatuko ez balitz bezala lurrez estalitako toki heze hartan.
Etxeorratzek ez dute elkar ukitzen sekula, perspektiba aldaketa bat emateko nagiegi. Instintu begetalegia dutelako edo.

Bata besteari musu ematen saiatzean utzi zioten adreiluak jartzeari, eta alferrik izerditzeari.
Uztez, torre izateari ere utzi zioten. Aurrera egingo zuten aurrerantzean, erortzeko beldurrik gabe.

2010/01/09

Izoztuta

Ez nire izurik izan. Ez zara itoko...


...berotasun apur bat oparitzean baino ez baikaituzte bustiko elur malutek.

2010/01/07

Definiziotik existentziara?


Oinez ibiltzen irakatsi zizutenen atzetik eman zenuen zeure lehenengoa.

Pausoa.

Ez zen erosotasuna. Artean ez zeneukan beste eredurik; huraxe zenuen euskarri bakar urrats balantzatien desorekaren aurka. Instintua edo.

Oinei begira jarraitu zenuen erortzeko beldurra galdu ostean ere, zapaldu aurretik oinperatzera zindoazena ikustearen seguratsun hutsal horrek elikatuta. Ahaztua daukazu elurrak estaltzen dituen zuloetan ere sar daitekeela hanka ustekabean. Baina berdin zaizu zuri, aspaldian ez baitu elurrik bota inguruotan.

Burua altxatzea otu zaizu albaina. Jende andana ilaran, mutu. Urratsak etengabe aurrera. Eta amaiera urrunegi; are urrunago bi metrotik haratgo begiratzera ohitu gabekoentzat. Eta zeuretzat.

Iritsi zara azkenean.

-Egin ezak hire hautua.

Izaki estrainu baten silueta irudikatzen duzu, itzal bat. Eta ahots horren zama bularra zanpatuz. Ez dakizu nondik datorren, zer den ere ez. Baina badu zu izutzeko indarrik, bada nolabait..., badu jainkotiarretik zerbait.

Inurritxo bakoitza bere gelaxkara bidean da, itzala puzteko hostoen azpian, babestuta. Zerbait dira orain, izen bat, zenbaki bat, hirugarrenek idatzitako idenitate bat... daukate. Dira. Eta badira. Badira zoriontsu. Horrela.

-Egin ezak hire hautua.

Iritsi da erabakitzeko unea. Aukerak burua bonbardatzen. Begi bistakoak, itzalak jarritakoak, ez besterik.

Erabaki duzu.

Eman duzu azkena. Pausoa.

Atzera.

* * *

Eta itzal horren parte zara geroztik.

Mamu bat...

...gehiago.

2009/12/09

2009/12/07

Dependentziak ignoratzearen arriskuez

Dependentzien kateei lotuta bizitzea ez zela ederra zioen zure ahotsak, hobe zela beste edozer. Afalosteko zigarrotxoaren kearen arintasunaz irentsi nuen guztia; behar nuena. Ezereza bera zerbait ote zen nire buruari galdezka hasi ere egin gabe. Gozoa baituk oasietako ura urrunetik begiratuta.





Aukeratuak edo ez, ez daukagu zapal dezakegun beste zorurik. Alferrik baita itsasoan bizi nahi izatea arnas gehien behar dugunean.


Eztarriko minez jaiki naiz gaur goizean. Eta egarrituta jarraitzen dut oraindik.

Eskerrak.