2010/10/21

Belaunikatu


Erreakzio kimikoen segidak, sekuentziak,

gara

dopamina dosi lasaigarrien bila,

eztanda erregularren egarri.

Produktu koloredun bat agian.

Kateak, kateatuak.

Eta bat-batean bururatzen zait alferrik ari garela,

Berdin diotela predikuek

Eta Murphyren legeak.

Tostadek ez dute batere zipriztintzen

Mermeladarik ez badute.

Bagoaz eta kitto.

Egon isilik.

Utzi entropiarantz eraman gaitzaten;

borroka dezatela koldarrenek!

Utikan bidezidorretan izerditzeari makurrarazten gaituzten helmugei.

Zertarako dena?

Ihesaren atea,

Ziztada bat, etxeorratza

edo ertza (amildegiarena, puskatutako botilarena...)

Errazegia litzateke.

Eta hemen ez dago magiarik,

Truku txarrik ere ez sikiera.

Mundua jainkoz beteta dago

Eta nik jainkoren batengan sinetsi nahi nuke,

jainko izan akaso,

edo azti iruzurti bat gutxienean.

Sinets nazaten.

Eta zuk maitea,

zein daukazu jainkotzat?

2010/09/12

Suizidio kolektiboa

-Bahator, ez, edo ze hostia?

-Presaka?


-Hegoak hazi aurretik egin nahi diat hegan. Zerura. Hirekin.

2010/08/18

Kanibalismoa

Lotzen zituzten hariak eten eta elkarren segidan erortzen diren
domino fitxa bihurtu dira
agertokiko txotxongiloak. Jasangaitz
zaienek euren burua urkatu dute,
zintzilik, reenkarnazioan
sinetsita edo, hilda ere bizirik.

Erdiguneko tabernetan komuna
"al fondo a la derecha" omen dago
mendebaldean pixa paretetan
egiten da negutegi efektuaren aurka
goroldioa haz dadin.

Mozkorrek antroetako kristalak apurtu dituzte
lotsa zakukadak
osteko, lapurrek whiski merkea
ihesbide azkarren eta lokatza pilatu da
goizaldeko autobusetan,
baina oinatzak ezabatu dituzte arrastaka
atso gizenen zapatek eta
Maryk bi zentimetro
gorago
darama gona giltzurrunak ez hozteko.

Egunargiak irribarre egin dit zure
ahotik baina planifikatua
zeneuka guztia
izarrek, Ying Yangak eta kantoiko igarleak
oihukatu zidaten belarrira
zuk entzuteko moduan.

Zutik geratzea baina makurragorik...

Eta nik azkazalak jaten darrait.
Baina ez da
urduritasuna.

2010/08/13

...or not to

...

-Eta hegaztiak badira, zergatik ez dute hegan egiten ostrukek?

-Burua lurpean sartuta bizi direlako ziurrenik.

2010/08/12

Underground II: to be


Aitonaren zimurrei desafio eginez hurbildu zitzaion Mattin sutondora:

-Aitite Manu, zergatik uste duzu ezkutatzen dutela ostrukek euren burua lurpean?
-Zer, lepo tenteko oilo hankaluze horiengatik ari al haiz?
-Ostrukak aitite, ostrukak.
-Lehoien beldur ditualako edo.
-Beste aukera bat emango dizut!
-Ba... lepoa nola mozten dieten ikusi ezean gutxiago sufrituko dutelakoan orduan. Badakik zer gertatzen duan urrutiko minekin, kilometroek leuntzen ditiztek. Behatu gabekoak ere arinagoak dituk.
-Zuk amona kanpoan zela galdu zenuen. Ez zenuen minik izan?
-Distantzia ez duk kilometroak bakarrik, amona hemen huan, gurekin, orain ere beste era batera hemen dagoen bezalaxe. Baina, aizak, ostrukak zergatik lurperatzen dituk bizi artean? Ostrukak hituan ala?
-Galdetzea ere!! Ostrukak direlako aitona!!!

2010/08/10

Autosuntsipena



Piano barneko armiarmak ezagunak ditu eroraraziko ez dituen soinuak.
Sokaz soka, orekaren melodian mugitzen da izukaitz.
Uhin erara itzulitako oihartzun ebakiak dardara iragankor baino ez zaizko eta gorrotatzen hasi da.

Eta amaraunak eraiki beharrean korda berri bat ehuten hastea besterik ez zaio otu, inork kolpatzean entzun ez dezan irristaraziko duen nota, ez heriotza kondenak ahots urratuz egiten ote duen hitza.

2010/08/02

SOS


Bere eskuez landutako boomeranga aireratu zuen beso kolpe azkarrez, paradisu hartatik aska zezaten erregutzen zuen SOSa. Beldur baitzen naufragoen legedia ez betetzeak ekar zitzakeen ondorioez.

Enegarren aldiz kaioek izutu plantak egin zituzten aztoratuta hegaldatuz, objetu jada ezagun haren presentzian. Joatekeran zein etortzekeran. Protokolo hutsagatik.

2010/05/09

Baldar


Ereduek manipulatutako senaren aginduz modelatutako buztin masak, lehortu ahala ezabatu ezineko zimurren erresistentzian, arrakaletan oratuta, euri jasa batean disolbatuta estoldetan behera noiz hondoratuko zain.

2010/05/04

Desoreka


Tartekako telebista saioa errezelez bestalde. Leihoko markoaren mugak jakinminaren lerro difuminatuak mugatzen eta zure silueta dutxako tantek bustiko zain, erretzen ari bazina lez.

Silueta bat, leihoa, zure kuleroak nire galtzerdiei jaramonik egin gabe esekitokian, leihoa eta ni. Hiru solairu behera eta bertigoa.

Eta nire begiak erdi ezkutuan lotsaturik, zure lotsagabekeriagatik begiratzeari uko egin ezinik. Ez nuen zure aurpegiko lerroen berri buruan ez bazen. Orduan ere lausoegi.

Goiz normala zirudien hartan haizea aurrekoetan baina pare bat kilometro orduko bizkorrago harrotu zen nonbait. Kuleroek galtzerdiek musu txiki bat ostu ziezaioten utzi zien, beste aldera begira betiere. Zuk ere bira egin zenuen. Aurpegia ikusi nizun lehen aldiz eta jada ez zinen nire filmeko protagonsita. Orban izateari utzi zenion marra definitu bihurtzeko. Geometriaren legeei men.

* * *

Nahiago nuen dosi txikietan eta iragazitako hitzen bidez ezagutzen ginenean, mahai gainean araurik ez egote hutsa arau egiten genuenean. Ez zinen konformatzen geroztik, ordea. Ni biluztea eskatzen zenuen.

Ezer ez da lehengoa dagoeneko.

Irribarreak bidaltzen dizkit zure maskarak esekitokiko soketan. Haizerik ez dabilenetan baino ez dira iristen trapezistak nire lorontzietara.

2010/04/30

Irrist

Arratsalde euritsuak aukeratzen zituen kalean negar egiteko, begiradek malkoak bereiz ez zitzaten.

Udako egun sargorietan belarra hazten zitzaion etxeko alfonbretan.